Ikerketa-lerroak

Oinarrizko baliabide orokorrak sortzeko lerroaz gain, hauek dira BerbaTek proiektuaren ikerketa-lerro garrantzitsuenak, hizkuntzen industriaren banaketa nagusiekin bat:

  • Oinarrizko baliabideak: hizkuntzen industriaren zenbait esparrutan erabil daitezkeen baliabideak eta teknologiak dira, edo gainerako alorretako batean baliagarriak izan daitezkeen tresnetarako lehengai izan daitezkeenak; esate baterako, testu- edo ahots-corpusa, lexikoiak, hiztegiak, ontologiak, gramatika konputazionalak, analizatzaile morfosintaktikoa, ahots-ezagutzea, ahots-sintesia, elkarrizketa-sistemak...
  • Itzulpena: itzulpengintzaren sektorean erabil daitezkeen sistemak, itzulpen automatikoa, itzulpen-memoriak, ahots-ahots itzulpen-sistemak eta bikoizketa automatikoa kasu.
  • Edukiak: edukien sektorea hobetzen lagundu dezaketen sistemak, hala nola, informazio-bilaketa (elebakarra, eleaniztuna, semantikoa, multimedia...), informazio-erauzketa, idazketan laguntzeko sistemak (zuzentzaileak, adibidez), ezagutzaren kudeaketa, galderei erantzuteko sistemak...
  • Irakaskuntza: irakaskuntzaren eremuan erabiltzeko sistemak dira; adibidez, tutore pertsonalak, e-learning sistemak, ahoskera zuzentzeko sistemak, ariketen eta adibideen eraikitze automatikoa...

Baliabide orokorrak

Proiektuko gainerako zereginetarako behar diren oinarrizko baliabideak konpilatu eta garatu nahi dira ikerketa-lerro honetan.

Itzulpena

Egun dauden itzulpen automatikoko sistemak hobetzen eta hizkuntza-bikote berrietara hedatzen saiatuko da itzulpenaren ikerketa-lerroa.

Edukiak

Ikerketa-lerro honek informazioaren kudeaketarekin du zerikusia, bai informazioaren tratamenduari dagokionez, bai informazio hori berreskuratzeari dagokionez.

Irakaskuntza

Irakaskuntza-prozesua errazteko baliabideak eta tresnak garatzea du ardatz irakaskuntzako ikerketa-lerroak.