Hizking21

Hizking21 proiektua partzuergo berak gauzatu zuen 2002-2004 urte bitartean, eta hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologien alorretako euskal eragile garrantzitsuenen lehenengo elkarlan-esperientzia izan zen. Helburu nagusi hauek zituen:

  • Euskara beste hizkuntzen parean jartzea hizkuntza- eta ahots-teknologiei dagokienez.
  • Herritarren bizi-kalitatea hobetzea, eta, horretarako, sistemekiko interakzioa, komunikazioa eta zerbitzu-emate eta -jasotzea erraztea, eta euskaldunek beren hizkuntza bazter utzi beharrik izan gabe informaziorako sarbide unibertsala izatea bermatzen laguntzea, eta, bidenabar, herritarren artean euskararen erabilera sustatzea.
  • Hizkuntza Ingeniaritzako Bikaintasun Sarea —hizketaren eta hizkuntzaren teknologien inguruko ikerketa-, garapen-, eta merkaturatze-amarauna— sortzea, Europako beste sare batzuekin lehiatu eta elkarlanean aritu ahal izateko.
  • Hizkuntza-ingeniaritzaren emaitzak eta irtenbideak ETEei hurbiltzea plataformak sinpletuz eta kostuak txikiagotuz.
  • Ikerketaren emaitzak abiapuntu hartuta, hizkuntza-ingeniaritzaren alorreko aplikazio aurreratuak garatzea ardatz izango duten oinarri teknologikoko enpresa berrien sorrera ahalbidetzea.

Hizking21 proiektuan lortutako emaitzen eta garatutako teknologien artean, hauek nabarmenduko ditugu:

  • Euskarazko testuak analizatzeko eta etiketatzeko oinarrizko tresnak (lematizazioa, analisi sintaktikoa, zenbait hitzez osatutako entitate eta unitateen ezagutza...)
  • Baliabide lexikoak (hiztegi elektronikoak, datu-base lexikalak...)
  • Corpusa sortzeko eta etiketatzeko tresnak
  • Zientzia eta teknologiako corpusa
  • Terminologia elebakar eta elebiduna erauzteko tresnak
  • WordNet ontologia
  • Gaztelania-euskara itzulpen automatikoa
  • Bulegotikarako plugin-ak, PDArako tresnak...
  • Zenbait ahots-corpus
  • Transkribatzaile fonetikoa
  • Ahots-tratamenduko tresnak
  • Testua ahots bihurtzeko tresnak
  • Avatarrak