Aurkezpena

Ber2Tek hiru urterako (2012-2014) ikerketa estrategikoko proiektu bat da, eta Elhuyar Fundazioak, EHUko Ixa eta Aholab ikerketa-taldeek, Vicomtech teknologia-zentroak eta Tecnalia Research & Innovation fundazioak osatzen dute proiektu hori gauzatzeko partzuergoa. Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailek finantzatzen dute Ber2Tek proiektuaren aurrekontuaren zati bat.

Ber2Tek proiektua BerbaTek proiektuaren jarraipena da, Etortek programak 2009-2011 aldian lagundua eta partzuergo berak aurrera eramana. BerbaTek-en hasi ginen hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak hizkuntzen industriaren sektorean aplikatzeko ikertzen eta garatzen.

Hizkuntza teknologiak zutabe garrantzitsua dira hizkuntzen industriaren garapenerako, batez ere lehiakortasuna bultzatzeko. Horren jakitun, Ber2Tek proiektuak sektoreari balioa erantsi eta EAEren lehiakortasuna bultzatzen duten hizkuntza-teknologien garapenean sakondu nahi du.

Beraz, Ber2Tek proiektua BerbaTek-en jarraipen natural gisa jaiotzen da, eta bere kideek hizkuntzen industria lokal eta europarraren behar teknologikoak identifikatzeko egindako hausnarketa estrategikoaren ondorio gisa.

Bere helburua da cross-media edukien analisirako, kalitate handiko itzulpen automatikoko eta ahozko elkarrekintza multimodal naturaleko teknologietn ikerketa eta garapenean sakontzea. Ber2Tek-ek sortu nahi du jakintza eta masa kritiko kualifikatua ildo estrategiko honetako I+G+Baren etorkizunari era autonomoan aurre egin ahal izateko. Horretarako, prestakuntza-ikastaroak, graduondoko masterrak, mintegi espezializatuak eta doktorego-ikastaroak antolatuko dira hizkuntza-teknologiaren alorrean.

Helburu horiek lortzeko, hizkuntzen industriako enpresa askorekin lehentasunezko harremanak izateaz gain, beharrezko masa kritikoa eta nazioarteko ospea duen zientzialari- eta ikertzaile-komunitate bat dute Ber2Tek proiektua osatzen duten kideek.

Aurreko proiektuan erabilitako enfokearen arrakasta ikusita, Ber2Tek proiektua ere aplikazioei begira jarrita dago. Oinarrizko ikerketa bazter utzi gabe, aplikazio esperimentalak aurkezten saiatuko da, geroago itzulpenen, irakaskuntzaren edo edukien alorretan diharduten enpresek garatu eta produktu bihur ditzaten. Nolanahi ere, garrantzi handiko ikerketa-lerroak, oinarrizkoak zein aplikatuak, zabaltzen ditu aplikazioei eta bideragarritasun-probei begirako ikerkuntzak.

Bestalde, Ber2Tek proiektuak eta bere aurrekari BerbaTek-ek, hizkuntzen industriaren sektore ekonomikoa osatzen duten alor guztiak barne hartzen dituzten lehenengoak direnez, sektorea egituratzen lagunduko dute. Hizkuntzaren teknologien garapena lagungarri izango da, halaber, era guztietako euskal enpresen globalizazio-prozesuan, eszenatoki eleaniztunerako jauzia segurtasun handiagoz egiteko, itzulpena eta hizkuntzen irakaskuntza funtsezko faktore bihurtu baitira. Euskadi komunitate eleaniztuna izateak know-how eta proba-banku ezin hobea eskaintzen ditu hizkuntza-teknologien zein hizkuntzen industria garatzeko, eta abiapuntu ona da Euskadi erreferentziako herrialde gisa kokatzeko hizkuntzaren eta ahotsaren teknologiei dagokienez.