AnHitz

AnHitz proiektua 2006-2008 bitartean gauzatu zen, eta Ber2Tekeko partzuergoaren elkarlaneko bigarren esperientzia izan zen, hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologietako ikerketa estrategikoari dagokionez.

AnHitz proiektuaren helburua izan zen pertsonen eta gailuen arteko interakziorako behar diren euskarazko hizkuntza-teknologiak ikertzea eta garatzea, eta ezagutzak modu naturalean, intuitiboan eta atseginean kudeatzea, ingurune-adimenean erabiltzeari begira. Informazioaren eta jakintzaren gizarteak egin duen aurrerapenak komunikatzeko lehentasunezko kanal eta gizarte berri hau onartzeko paradigma berri bihurtu du pertsonen eta gailuen arteko interakzioa.

Informazioaren eta jakintzaren gizartearen paradigmek Euskadin onespen handiagoa izan dezaten, ezinbestekoa da gizartearen hizkuntza-aniztasuna bermatzeko behar den hizkuntza-teknologia zein industria garatzea.

  • Euskarazko hizkuntza-teknologia garatzea pertsonen eta gailuen arteko interakziorako.
  • Hizkuntzaren industria finkatzeko urrats berri garrantzitsu bat egitea.
  • Oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzea, eta lehendik daudenak sendotzea.
  • Jakintza sortzea.

AnHitz proiektuaren emaitza nagusiak hauek dira:

  • Internetetik abiatuta euskarazko corpusa sortzeko tresna
  • Internet euskarazko corpus gisa kontsultatzeko tresna
  • Euskarazko corpusa etiketatze sintaktiko eta semantikoarekin
  • Corpus konparagarrietatik abiatuta terminologia erauzteko tresna
  • Ontologia lexikalen handitzea
  • Analizatzaileen hobekuntza
  • Ingelesa-euskara itzulpen automatiko estatistikoa
  • Euskarazko bilatzailea
  • Hizkuntza arteko bilatzaile espezializatua
  • Galderei erantzuteko sistema
  • Antzekotasun semantiko bidezko dokumentu-erlazionatzailea
  • Ahots eleaniztunen sintesia
  • Ahots emoziodunen sintesia
  • Hiztegietan eta gramatiketan oinarritutako ahots-ezagutza euskararako
  • Mintzatzailea identifikatzeko sistema
  • Euskaraz hitz egiten duten avatarrak

Horrez gain, AnHitz proiektuaren amaieran, zientzia eta teknologiako 3Dko aditu birtual baten demo bat garatu zen, ahots bidezko interakzioa duena euskaraz. Gai horiei buruzko galderak erantzun ditzake, eta hizkuntza arteko bilaketa egin eta emaitzak automatikoki euskarara itzuli.

AnHitz demoa

Demo horrek oihartzun mediatiko handia izan zuen, komunikabideetako hedapenaren atalean ikus daitekeen bezala. Bestalde, aurkezpen onenaren eta paper onenaren sariak jaso zituen Mrągowo-n (Polonia), Computational Linguistics – Applications (CLA09) nazioarteko kongresuan.